2018/09/28 | Iñigo Aritza Ikastola + DNN

Dena prest Nafarroa Oinez ospatzeko! Altsasun, prest gaude urriaren 21eko bestarako.

Badator badator Nafarroa Oineza. “Bizi” aurtengo leloa eta bizi bizi dator udazkena. Ikasturte berriarekin batera Iñigo Aritza Ikastolan urriaren 21erako falta diren egunak kontatzen gabiltza. Jada, pasa da San Ferminetan urtero Nafarroa Oineza antolatzen duen ikastolak jartzen duen gunea, aurtengoan eta lerro hauen bidez bertatik igaro zareten euskaltzale guztioi gure esker ona luzatzeko ere aprobetxatu nahiko genuke, bikain joan baita. Zorionak eta mila esker auzolana oinarri lan egin duzuen guztioi, biba zuek!

Baina iraganari ez, gu geroari begira gaude, orain urriaren 21eko egunaren zain. Ibilbidea erabakia dugu, Iñigo Aritza Ikastolaren inguruetatik igaroko da, Altsasun, ingurune paregabea, harizti bikainak, belardi eta zelaiak, gune paregabea zinez. Lau gune izanen dira, Bizi, Kanta, Txio eta Dantza guneak, gazteek, familiek, lagun talde eta guztiek goza dezagun. Ibilbideak 4500m inguru ditu.

Gainera eta aurtengoan, inklusioa dugunez helburu, hau da guzti guztiontzako festa egitea, horri begirako egitarau anitza izanen du Oinez egunak. Gure haurrendako Atxitamutxita logotipoaren forma izanen du gainera ibilbideak. Atxitamutxita, Urdiaingo euskalkian tximeletak har-tzen duen izena da. Ibilbidea,aniztasun fisikoa duten horiendako ere egokia da. Guztiok baikara berezi eta abestian diogun moduan, guztiondako festa antolatu dugu.
 
Egitarauari dagokionez, hau oparoa eta anitza izanen da. Musika, dantza, txaranga eta jolasa nagusi izanen da, gune zein ibilbide guztian zehar. Txikiendako ere, gune berezi bat izanen da, joko kooperatibo, material ez egituratu eta abarrez osatua. Ikastoletan barru barruraino murgildurik gaudenez eraldaketa pedagogikoan, joko, jolas eta egunerokoan erabiltzen ditugun lanabesak ere presente izanen dira Oinez egunean.

Lau gune eta lau sarrera beraz eta Altsasu Euskal Herriko erdigunean dagoenez, txoko guztietatik etortzeko aukera izanen duzue, izan iparralde, hegoalde, ekialde zein mendebaldetik eta horretarako ere, tren zerbitzu bereziak antolatu ditugu, bai Gipuzkoa, Araba zein Nafarroa hegoaldetik. Horrekin batera, anitzak izango dira, kotxez datozen horiei hauek uzteko antolatu diren aparkalekuak.

Eguraldia, ez beste osatua dugu beraz, etortzea besterik ez zaizue gelditzen, zuen etorrerak euskarari bultzada eman eta ikastola honi babesa ematea esan nahi baitu. Gure herri eta hizkuntzaren gaurkoan zein etorkizunean irria eta elkarlana direlako ikur. Zatoz gozatzera, bizitzera, laguntzera, herri eta irri egitera.

OINEZ BASOA Altsasuko Nafarroa Oinezaren eskutik zortzigarren Oinez Basoa garatuko da. 2008an Arbizun sortu zen proiektua aran berdinera itzultzen da, Tafallan,Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartaguda eta Lesakako herrietan garapena izan ostean. Esan genezake, etxera itzultzen dela, 2009an Etxarri Arana-tzen ospatu zen Nafarroa Oinez hartan gauzatu zen proiektua.

Aurrez adierazi bezala, Nafarroa Oinez egunak sortzen duen arrasto ekologikoa murriztea helburu du proiektu honek, eta horrela euskara ondare den bezala, etorkizunerako ondare berri bat utzi nahiko genioke Nafarroa Oineza pasatzen den herri bakoitzari.

Aurtengoa gainera proiektu berezia izanen da, Iñigo Aritza inguruan dagoen baso batean lan egin nahi baitugu. Horrela, aurre ikusten den interbentzioan lan desberdinak burutuko ditugu:

Alde batetik, landaketa bat egingo da, inbentario naturalaren aberastasunari lagunduko dioten hostozabalak landatuz. Bestetik, bertakoa eta endemikoa den Bechstein saguzar motaren ongizatean laguntzeko habia kutxak jarriko dira. Lan honen bidez, ingurumenaren alorrean sentsibilizazioa landu nahi da. Saguzar mota hau espezie bitxitzat hartzen da, basoetan bizi eta bereziki hariztiei lotua dagoelako. Kabi artifizialak kokatzea mesedegarria izango da hauen ugalketan laguntzeko.

Kartelaren diseinu eta edukia Iñigo Aritza Ikastolako ikasleek egingo dituzte. Kartel edo panelak saguzar forma izango dute eta zuhaitzetatik zintzilika egongo dira. Hauen kokalekua irisgarritasun irizpideak kontutan hartuz erabakiko dira, aurtengo Oinezan inklusibitatea baita gure ardatza. Oinez Basoan bertan Txuspo Poyo artista altsasuarraren obra bat dago, zuhaitz etxea. Badira urteak nahiko egoera utzian dagoela, eta gure helburua obra artistiko hau egokitzea eta hasieran zuen xarma itzularaztea da. Azkenik, egindako lan guztiak azalduko dituen interpretazio panelak jarriko ditugu.

Aurtengoa Oinez Basoaren bidez beraz, espazio natural oso batean egiten den interbentzio konplexua da, bertako flora, fauna eta artea hobe-tzea helburu duena. Herritar eta orohar proiektuarekin bat egingo duten guztien esku geldituko dena. Etorkizunean ikastolako ikasleez heziketa pedagogikoaren parte izango den esparrua, Baso eskola bezalako proiektuen garapenerako ingurune ezin hobea beraz.

Eta nola lagun dezakezue baso honi haizea ematen? Ba oso erraza da, www.oinezbasoa.eus helbidean zuhaitz edo saguzahar kabi bat babestuz. Badakizu, eman bultzada bat euskarari, eman bultzada bat amalurrari, babestu ezazu zuhaitz bat!

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu