2017/12/21 | ARGIA IKASTOLA + DIARIO DE NOTICIAS

LEHENGO LEPOTIK BURURA ArgiIkastolako LH 5. eta 6. mailako ikasleak. (ARGIA IKASTOLA)

Argia ikastolako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleek inkesta bat diseinatu dugu. LH eta DBHko 141 ikaslek parte hartu dute eta nagusitan zertan lan egin nahiko luketen edo beraien gustuko lanbideak zeintzuk izango liratekeen galdetu zaie.

Inkestan lanbide guztiak aipatzea ezinezkoa denez, multzokatzea otu zaigu. Hamabost ofizio multzotatik lau aukeratu behar izan dituzte. Horretaz gain, neska edo mutila den jarri behar izan da. 66 neskek eta 75 mutilek erantzun dute eta guztira 564 erantzun jaso ditugu.

Erantzunak bildu eta bateratu ondoren, kalkulu orri batean datuak sartu eta grafikoak egin ditugu. Azkenik, grafikoak aztertu, nesken eta mutilen datuak konparatu, eta ondorioak atera ditugu.

Neskak irakasle, mutilak kirolari Datuak aztertzeko bi irizpide jarraitu ditugu: lehenengo modu orokorrean aztertu ditugu, hau da, generoen arteko ezberdintasunak kontuan hartu gabe, eta gero nesken eta mutilen erantzunak bereiztu ditugu, genero bakoitzaren gustuak ezagutzeko.

Modu orokorrean aztertuta, hauek dira gehien aukeratu diren lanbideak: informatikarekin zerikusia duten lanbideak (informatikaria, youtuberra, programadorea…) lehenengo tokian geratu dira, erantzunen %11,7rekin. Bigarren tokian irakaslea, %10,99, eta hirugarren tokian kirolari profesionala, %10,63rekin. Aurrerago ikusiko dugun bezala, kasu guztietan generoen arteko orekarik ez dago, hau da, kasu batzuetan genero baten aukeraketak igoarazi ditu azkeneko emaitzak.

Gutxien aukeratu den lanbidea politikoa izan da, soilik %2,12k aukeratu baitu. Lehenengo sektorearekin lotutako lanak (nekazaria, abeltzaina eta arrantzalea) ere ikasle gutxik aukeratu dituzte, %2,65ek. Gremioetako lanak (elektrikaria, mekanikoa, e.a) %3,72k aukeratu ditu.

Azterketa hori generoen arabera eginez gero, datu interesgarri ba-tzuk ikus ditzakegu. Nesken artean, gehien aukeratu dituzten lanbideak hauek izan dira: irakaslea (%15,91ek), osasunarekin zerikusia duten lanak, hau da, medikua, erizaina eta albaitaria (%12,88k) eta ileapaintzailea/estilista (%11,36k). Mutilen artean, berriz, aukeratuenak kirolari profesionala (%13,67), informatikaria (%12) eta polizia edo suhiltzailea (%8,67) izan dira. Ikusten dugun bezala, nesken lanbiderik aukeratuenak zaintza edo laguntzarekin lotuta daude. Mutilek, berriz, alderdi publikoago daukaten lanak nahiago dituzte.

Gutxien aukeratu dituzten lanbideak ere ezberdinak izan dira neska eta mutilen artean. Nesken artean, inork ez ditu lehenengo sektoreko lanak aukeratu, eta gremioetako lanak eta piloto/gidaria soilik %0’38k aukeratu ditu. Beraz, hiru kasu hauetan egon diren ia boto guztiak, gutxi izanik ere, mutilenak izan dira. Mutilen kasuan gutxien aukeratu direnak hauek izan dira: ileapaintzailea/estilista (%0,67), politikoa (%2,33) eta sukaldaria (%3,33). Gogoratu behar dugu ileapaintzailea izan dela, nesken artean, gehien aukeratu duten horietako bat.

Bukatzeko, beste kontu bat aztertu dugu: generoen kontuetan zer lanbide dauden orekatuen, hau da, zenbakiak alde batera utzita, zer lanbidek “gainditzen” duten generoen arteko ezberdintasunak eta zeinetan ikusten diren ezberdintasunik handienak. Lanbiderik orekatuenak politikoa (%1,89 eta %2,33) eta zientzialaria (%7,58 eta %8,33) izan dira. Ezberdintasunik handienak ileapaintzailea/estilista (%11,36 eta 0,67) eta irakaslea (%15,91 eta %6,67) lanbideetan eman dira.

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu