2025/01/31 | NIE

MARTXEL RODRIGUEZ ETXABIDE DANTZARIAK NIE 2024 SARIA JASO DU

Atzo, urtarrilak 30, Martxel Rodriguez Etxabidek Nafarroako Ikastolen Elkartearen NIE Saria jaso zuen. Saria Nafarroako Ikastolen Elkarteko Elena Zabaletak eta Josu Reparazek, lehendakariak eta zuzendariak, eman zioten. Ordezkaritza instituzionala izan dugu ekitaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria den Unai Hualde, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea den Javier Arakama; Garbiñe Bueno Iruñeko Udalaren alkateordea eta zinegotzia, eta parlamentuko ordezkariak. Halaber, Martxel Rodriguezen familia eta lagunak, baita Nafarroako Ikastolen ordezkaritza ere.

Ekitaldia artista eta arte ezberdinez jantzita egon zen. Batetik, Tobera instrumentu jotzaile bi etorri ziren Lesakatik, Arritxu Muxika eta Iratxe Muxika, Martxeli ongietorria emateko. Tobera perkusiozko musika-tresna bat da, zeina bi lagunen artean jotzen den. Luzera ezberdineko burdinazko hainbat hodik osatzen dute, eta metalezko lau hagaxkarekin kolpatzen dira, bina lagun bakoitzarentzat. Bestetik, Paz de Ziganda Ikastolako haurren abesbatzak, Ainhoa Sarrigurenen gidaritzapean, bi kanta eskaini zizkiguten ekitaldia bitartean.

Ainhoa Egizabal dantzariak ohorezko aurreskua dantzatu zuen, eta Matxelek hunkituta esan zuen beti berak dantzatzen ziela aurreskua beste pertsona batzuei, eta hauxe zela berari zuzendutako aurresku bat dantzatzen zuten lehen aldia.

Tantirumairu Ikastolak eta bere ikasleek horretarako prestatutako hiru bideo ere ikusi ziren, Martxel definitzen zuten GORPUTZA&MUGIMENDUA, FISIKA&OREKA eta EMOZIOA&HITZA&IDEIA kontzeptuak azpimarratuz. Nafarroako Ikastolen Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiegu Tantirumairu Ikastolako kideei ekitaldia prestatzeko emandako laguntza guztiagatik.

Martxel Rodriguez Etxabidek, Lesakako semea eta Tantirumairu Ikastolako ikasle ohia, Berako Labiaga Ikastolan amaitu zuen derrigorrezko hezkuntza. Harrezkero, oso aurpegi ezaguna da eta oso maitatua bere jaioterrian. Tantirumairu Ikastolak proposatu ohi dizkion ekimenetan laguntzeko prest beti. Dantzarekin, bere lurrarekin eta bere jendearekin duen konpromisoa parte hartzen duen jarduera bakoitzean islatzen da, ikastolan ikasitakoaren espiritua nora eta hara eramanez.

NIE Sariak arteari eta, bereziki, dantzaren munduari egindako ekarpen bikaina aitortzea du helburu, non beronen talentu, dedikazio eta pasioagatik nabarmendu baiten. Halaber, euskararekiko, kulturarekiko eta sustraiekiko baldintzarik gabeko maitasuna ere saritzen du, Martxelek munduko bazter guztietara harrotasunez eramaten duena, nazio mailan zein nazioartean gure nortasunaren enbaxadore izanik.

Etorkizun bikaina ziurtatzen duen bere ibilbide profesionaletik haratago, Martxel gizatasunaren eredu delako nabarmentzen da, inspirazio-iturri delako eta benetako altxor ingurukoentzat. Ikastola mugimenduarekin duen lotura sendoak eta euskara eta euskal kultura sustatzeko eta indartzeko egiten duen ahalegin etengabeak merezi dute gure aitortzarik handiena eta sentituena.

Horregatik guztiagatik, esker onez eta miresmenez, Nafarroako Ikastolen Elkarteak NIE 2024 Saria eman dio Martxel Rodriguez Etxabideri.

Martxelek emozio handiz jaso zuen saria, eta bere hitzetan, ondoan zuen familia biologikoari ez ezik, ikastolako beste familiari ere eskerrak eman zizkion. Martxelen arabera, ikastolako familia oso garrantzitsua izan zen dantzan hasteko erabakian, lehen urratsak Tantirumairu Dantza Taldean eman baitzituen. Bere hitzetan: "Haur txiki guztiek dantza egiten dute, baina denbora igarota, dantza egiteari uzten diote. Nik dantzan jarraitu nuen, ikastolatik ere izan nuen laguntzari esker ".

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu