2023/10/18 | NIE

Nafarroako Ikastolen Elkarteak koordinatzaile pedagogiko berria izendatu du
Nafarroako Ikastolen Elkarteak pedagogia arloko arduradun berri batekin hasi du ikasturtea. Janire Gracia Iñurrita hautatu dute Nafarroako 15 ikastoletako aholkulari pedagogiko izateko.

Ikastola ereduan hezia, Alemaniar Filologian lizentziaduna eta Atzerriko Hizkuntzako espezialitatean Magisteritzan diplomatua da, hezkuntzaren munduan lan egin du azken 13 urteetan, lehenik LHn eta DBHn alemaniera eta ingeleseko irakasle gisa eta gero, gaur egun arte, Donostiako Ikastetxe Alemaneko zuzendari pedagogiko gisa.

Berrikuntza pedagogikoa, eleaniztasuna, ebaluazioa, inklusioa eta irakasleen garapen profesionala izan dira, hezkuntzaren esparruan ibilbide profesional luzeaz bermaturik, hautaketa-prozesuaz arduratu zen epaimahaiak baloratu zituen indarguneak, aurkeztu ziren 86 pertsonen artean.

Hezkuntza ulertzeko moduari dagokionez, ongi daki ez dela soilik ezagutzak eta trebetasunak transmititzea eskatzen duen praktika bat, baita pertsonaren prestakuntza ere, dimentsio guztietan, eta, horretarako, ezinbestekoa dela ikasle bakoitzak duen potentzial guztia ezagutzea eta sortzen laguntzea eta bere onena gizarteari nola eta non eskain diezaiokeen jakitea.

Nafarroako ikastolak aurrerapenaren sinbolo izaten jarraitzeko erronka bere gain hartzen du, pedagogikoki inkonformistak, beren hezkuntza-zeregina hobetzeko aztertzeko, moldatzeko eta berritzeko etengabeko grina elikatuz, betiere txertatuta dauden gizartearen erronken eta eskarien zerbitzura, denborak dena aldatzen duen testuinguru honetan, pertsonak, hezkuntza, natura...; erronka hori ilusio eta ardura handiz hartzen du bere gain.

Erretiroa hartu berri duen Irene López-Goñi ordezkatu du karguan, ikastolen zerbitzura hogeita hamar urtez lan egin ondoren eta azken urteetako historia barrutik bizitzea egokitu zaiolarik, zuzendaritza-taldeekin, irakasleen klaustroekin eta hezkuntza-berrikuntzako programak ezartzeko lanetan orientatzaileekin lankidetzan. Era berean, irakasle izan da NUPen, askotariko ikastaro, mintegi eta sinposiotan parte hartu du hizlari gisa, hainbat eta hainbat artikuluren egilea da eta 2007an argitaratutako liburua "Nafarroa Garaiko Ikastolen Historia. 1931-1982" bere obra gorena da.


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu