2018/12/21 | DNN

Nafarroako Ikastolen saria, José Antonio Sistiaga artistarentzat Jose Antonio Sistiaga, NIEko ordezkariekin atzo ospatutako sari banaketan

IRUÑEA- Jose Antonio Sistiaga Mosso artistari eman dio 2018ko NIE Saria Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Atzo Iruñeko egoitzan ospatutako ekitaldi hunkigarri batean, “hirurogei urtez euskal kultura mundu osoan barna zabaldu izana eta sorkuntza eta artearen pedagogiaren espaziorik korapilatsuenetan ikertu izana” eskertu nahi izan zion Nafarroako Ikastolen Elkarteak Sistiagari egindako lana, Mikel Asiain elkarteko lehendakariak adierazi zuen bezala.

Esker onez jaso zuen saria Sistiagak, Asiain beraren eta Josu Reparaz NIEko zuzendariaren eskutik. Artistak 1964ean Elorrioko Eskola Esperimentalean izandako parte-hartze bitxia gogora ekarri zuten, ikastolen sorrerarekin eta antzeko planteamendu pedagogikoekin izandako harreman zuzena azpimarratuz. “Kultura orok bere estetika tradizioa berreskuratu behar duela eta bere sentsibilitatea berritzea ahalbidetuko dion ikerketa ezberdinak behar dituela azpimarratzea, eta horretarako metodologia berritzaileen ezagutza, pedagogia konkretuak eta praxi berriak martxan jarri izana” eskertu zioten Sistiagari. “Metodologia berri hauek bere Pariseko egonaldian ezagutzeko aukera izan zuen Arno Stern eta Cèlestin Freineten eskutik, hain zuzen”.

Ekitaldia bertaratuei agurra emanez hasi zen eta bereziki hunkigarria izan zen Esther Ferrer artistak bidalitako eskutitza irakurri zen unea. Diziplina anitzeko artista honek, Sistiagarekin eskuz-esku lan egin zuen Euskal Herriko artearen proiektu eta ekimen garrantzitsuetan. “Hezkuntza erakunde batetik horrelako onarpen bat jasotzea oso garrantzitsua da, José Antoniok beti adierazi zuelako hezkuntzarekiko interesa, ez bakarrik bere seme-alabei dagokienez, baizik eta hezkuntza sistema osoari dagokionez ere”, azpimarratu zuen Ferrerrek, gutunaren bitartez.
 
Paz Ziganda Ikastolako Abesba-tzak eta Dantza Taldeak girotutako emozioz betetako ekialdian, Sistiagaren ibilbide artistikoarekin lotutako irudiak eta bere artelan esanguratsuenak ere proiektatu ziren. Halaber, zinemagintza esperimentalari lotutako film labur bat ere ikusi ahal izan zen, Impresiones en la alta atmósfera izenekoa. - M. Mindegia

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu