2016/11/04 | DIARIO VASCO

''Bikin bat in'' goiburupean egingo da Lesakako Nafarroa Oinez

'Bikin bat in' goiburupean antolatuko du Lesakako Tantirumairu Ikastolak 2017ko Nafarroa Oinez. Ospakizunaren aurkezpena ostegun honetan egin dute Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, Iruñean. 29 urteren buruan itzuliko da Nafarroako Ikastolen besta handia Lesakara, 1988ko Nafarroa Oineza antolatu baitzuen Tantirumairu Ikastolak.

Aurkezpenean, Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolak aurtengo arrakastarengatik zoriondu ondotik, Tantirumairuk 2017ko Nafarroa Oinez proiektua garatzeko ardura eta Nafarroako 15 ikastolak ordezkatzeko ohorea ilusio handiz hartu duela azpimarratu du Aitor Iratzoki zuzendariak. «Tantirumairu tamainan txikia da baina ilusioan hagitz handia dela sumatu dugu Nafarroa Oineza antolatzeko ardura gurea izanen zela jakin genuenetik eta ingurunearen babesa nabarmendu beharra dugu. Eskerrak adierazi jada laguntzera hurbildu den jendetzari eta antolaketan edo beste lanetan laguntzera hurbildu nahi duena ongi-etorria izanen da, noski» adierazi du.

Ikastolaren historiaren zertzelada batzuk eman ditu Iratzokik: «Lesakako Tantirumairu ikastolak zazpi ikaslerekin hasi zen bere bidea urratzen 1974. urtean. Garai hartan, irakaskuntza euskaraz aldarrikatzen zuen gizarteak Euskal Herriko bazter guztietan. Gogo horri erantzunez sortu zen ikastola, guraso eta laguntzaile talde baten ekimenez. Herria euskalduna izanik ere, guti ziren euskaraz solasteko ohiturari eusten zioten gazteak. Hasierako urte haiek zailak izan ziren, baliabide eta lokal egokirik gabe. Guraso, irakasle eta bazkideen ilusio eta indarrek, ordea, ez zuten mugarik; beraien lanari esker, ikastolak aitzinera jarraitu zuen.

1988an Nafarroa Oinez antolatu zen Lesakan eta beroni esker Ikastolaren egoitza erabat berritu eta legeak eskatzen zuen bezala egokitu ondotik, Ikastolak 1991n behin betiko legeztapena lortu zuen». Gaur egun, 2016-17 ikasturtean 113 ikasle ditu Tantirumairu ikastolak, 75 familiatakoak. Gainera, 16 langile gaude eta 100 bat bazkide. 2017ko Nafarroa Oinez eguna, Tantirumairu Ikastolaren ibilbidean mugarri garrantzitsutzat jo du Aitor Iratzoki zuzendariak: «Gauzak aunitz aldatu dira, baina gogotsu gaude, ilusioz, erronka handi bezain polit honen aitzinean. Nafarroako 15 ikastolen izenean, harrotasunez, gure gain hartzen dugu Nafarroa Oinez 2017 besta antolatzeko ardura».

 Dokumentua ikusi


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu