Ostiralean, astelehenean eta asteartean hango ikastetxeak antolatutako jardueretan parte hartu genuen. Ikas orduetatik kanpo eta asteburuan familietan egon ginen ikasleok (hango kidearen familia) nahiz eta ekintza anitz elkarrekin egiteko elkartu ginen. Pondi-Pontivy-ko Lycée Joseph Loth institutuarekin elkartrukearen harira egindako bidaia izan da. Laister etorriko dira haiek gurera. Ekintza ugari egin genituen bertan eta leku anitz bisitatu. Tartean, Karnag-Carnac-eko iruinarri lerroak (milaka daude 16 km luzeran) ezagutu genituen, mundu osoan ezagunak direnak.
Peio Setoain eta Ainara Garate irakasleekin joan ginen hamar ikasleok: Elba Lopez, Irene Ramirez, Maria Larumbe, Itsaso Perez-Ilzarbe, Itsaso Arana, Miren Goñi, Cristina Melendez, Paula Intxusta, Oihane Gomez, eta Beatriz Martinez. Ikastetxeko jantokian egin genuen lehen bazkaria. Ondoren, Ignaciorekin (Joseph Lotheko ikasle txiletarrarekin) ikastola bisitatu genuen. Liburutegia gehien gustatu zitzaigun gela izan zen Napoleonen garaiko liburu asko zeudelako; izan ere, hura izan zen ikastola horren sortzailea. Horrez gain, aretoa, jantokia eta ikasgelak erakutsi zizkigun. Bisitaren bukaeran, ikastola barnean zegoen elizara joan ginen. Bertan, neska batek eskusoinuarekin Kepa Junkeraren abesti bat jo zuen eta beste bik dantza bretoiak irakatsi zizkiguten. Nahiz eta pixka bat zailak izan, primeran pasa genuen! Bukatzeko, ikastola ondoan zegoen taberna batera joan eta edari beroa hartu genuen elkar hobe ezagutzen genuen bitartean.
AUKERA ANITZ Gutako bakoitzak badu han kidea. Beren etxeak izan ziren gure ostatu. Asteburuan beren familia eta herrian murgildu ginen. Irristatze-pista, bolatokia, hondartza… turismo pixka bat egiteko aukera izan genuen, baita egunerokoan egiten dituzten ekintzak ezagutzeko parada ere: pelikulak ikusi, musika entzun, kirol ekintzak ikusi… Diskotekak ezagutzeko aukera ere izan genuen.
Maria Larumbe, adibidez, larunbatean, Caroline kidearekin irristatze-pistara joan zen goizean. Han lagunekin elkartu ziren. Afalostean berriz, bolatokira joan ziren. Bolatokian asko jokatu eta ondo pasa zuten. Igandean, Aurayko hondartzara joan ziren familia osoa elkarrekin. Hondarrean jan eta gero, iruinarriak ikusi zituzten eta urez inguratutako etxe bat bisitatu zuten. Cristina Melendezek, berriz, kidea duen Alberten judo klasea ikustera joateko aukera izan zuen. Albertek bukatu zuenean, Noèmie, Louane eta Irene joan ziren haien bila irristatze-pistara abiatzeko. Oso ondo pasa zuten bertan. Ondoren, Noèmieren etxean afaldu zuten. Eguna bukatzeko, diskotekan izan ziren. Igandean, Saint-Malora joan ziren.
Astelehen goizean, Diwan eskola bat bisitatu genuen. Eskola horietan bretoieraz irakasten da. Gero, Gwened-Vannesera abiatu ginen; portu txiki bat da, xarma handikoa. Paseo bat eman genuen kale politen artean eta kafe bero on bat hartu genuen. Hotz handia egiten zuen, baina pena merezi izan zuen leku ederra baitzen. Maitagarrien ipuin bat gogorarazten zuten etxeak ikusi ahal genituen. Hiri txikia bat zen, jende gutxikoa. Erdi Aroko gaztelu handi bat zegoen eta kolore ezberdineko lorez betetako parkeak, dena benetan ikusgarria.
Bazkaldu ondoren, Karnag-Carnac-era abiatu ginen. Bertako iruinarri lerroak (milaka daude 16 km luzeran) ezagutzeko bisita gidatua egin genuen, baita historiaurrearekin lotutako tailerra ere. Eskolara itzultzean, elkartrukeko kideen gurasoek luncha prestatu ziguten elkar ezagutu eta agurtzeko.
Hurrengo egunean, asteartean, krepe batzuk egitera joan ginen, Pondi-Pontivy bertan zegoen kreperia batera. Jabeak horiek egiten lagundu zigun eta oso onak atera ziren! Hasteko, masa nola egin azaldu zigun eta hura egun batez atsedenean utzi behar zela azaldu zuen. Ondoren, bi motatako krepeak zeudela adierazi zigun: alde batetik, gozoak eta, bestetik, gaziak. Azkenik, hark krepe bat egin eta ondoren ikasle bakoitzak berea egin zuen.
Jarraian etorri zen agurra eta etxera bueltatzeko ordua. Bizipen eta oroitzapen ugari ekarri ditugu. Orain berriz, haiek noiz etorri zain gaude, gurea erakusteko gogoz. Apirilaren amaieran elkar ikusiko dugu berriz.
KULTURA HARREMANA Euskal Herria eta Bretainia. Bretainia eta Euskal Herria. Bi kultura. Aurreiritziak, ezezagutzak... Elkartruke honek era askotako gogoetak egiteko bidea eman digu.
Irene Ramirezek dio, Bretainiara joan aurretik, ez zekiela bertan nola agurtzen duten elkar. Ondorioz, hara iristerakoan, oso harritua geratu zen muxu asko ematen dizkiotelako elkarri. “Goizero, esnatzerakoan, Louanek (kideak) bi muxu ematen zizkidan eta ikastolara joaterakoan, frantses guztiek elkar musukatzen dute egunero”, azaldu du. Bestalde, gurekin konparatuz, oso desberdinak ez direla argitu du. Aisian, musika entzun eta kirol anitz egiten dituzte: eskubaloia, futbola, atletismoa eta saskibaloia, esate baterako.
Oihane Gomezen aburuz, Bretainiara joan aurretik uste zuen bertako jendea itxia eta gu baino hotzagoak zirela. Baina hara heldu zirenean konturatu ginen hango jendea oso irekiak direla, eta lagunak egiteko gogo handiak zituztela. Uste du adiskideak izango direla denbora luzez. Paula Intxusta iritzi berekoa da. Oso alaiak, irekiak eta maitekorrak direla dio. Laburbilduz, esperientzia ikaragarria iruditu zaio eta lagun berri asko gelditzen zaizkio bidaia honetatik.
Eguraldiarekin ere izan dute gogoan, “joan aurretik, hango eguraldia oso txarra izango zela pentsatzen nuen, guztiok euri asko eta hotz handia egiten zuela esaten zidatelako. Baina joaterakoan, asko harritu ninduen hango eguraldia pentsatzen nuena baino hobeagoa zelako”, azaldu du Beatriz Martinezek.