2016/02/03

KiVa programa ezagutu eta aztertu dute Nafarroako ikastolek

KiVa programa ezagutu eta aztertu dute ikastolek

Eskola jazarpenaren aurkako finlandiar egitasmoa nork bere ikastolan ezartzea da orain erronka

Finlandian garatu eta arrakasta handiz txertatu duten eskola jazarpenaren aurkako KiVa programa ezagutu eta aztertzeko aukera izan zuten ikastolek aurreko ostiralean, urtarrilak 29, Gasteizko Europa Jauregian egin zen lan jardunaldian.

Eskola jazarpena izugarri murriztea lortu dute Finlandian KiVa programari esker. Finlandiako Turku Unibertsitateak landu duen programa da, herrialde horretako Gobernuak hala eskatuta. 2006an hasi ziren lantzen programa hau, baina 2009an jarri zuten martxan, eta geroztik emaitzak harrigarriak izan dira. Jazarpen kasu batean esku-hartzeko programa ere baden arren, KiVak bereziki prebentzioan jartzen du indar handiena. Eskola jazarpena talde fenomeno bat dela kontuan hartuta, gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen du. Nafarroako Ikastolentzat ohore bat da Unibertsitate honekin elkarlana sustatzea, hauek Nafarroako Ikastolen Elkarteak lideratzen duen KEYKOLAB, Hezkuntzan konpetentzien garapenerako Europear Programan bazkide baitira.

Goiz osoan zehar Johanna Alanen eta Ulrika Willför-Nyman-en eskutik ezagutu dute programa ikastolek. Lehena KiVa programaren nazioarteko koordinatzailea da. Bigarrena, berriz, programa hori duela urte batzuetatik hona indarrean duen eskola bateko zuzendaria.

Beren testigantzak eta azalpenak entzun, eta lau tailer desberdinetan landu dituzte ikastoletako ordezkariek KiVak eskaintzen dituen material eta proposamen desberdinak.

Ikastolen erantzuna, gai honetan duten interesaren parekoa izan da: Hego Euskal Herriko ikastola guztietatik etorritako ordezkariek hartu dute parte Gasteizko Europa Jauregian egin den lan jardunaldian. Seaskatik ere ordezkaritza bat etorri da. Guztira 300 lagunetik gora - zuzendari, arduradun pedagogiko eta irakasleak- bildu dira Europa Jauregian.

Ikastolen Elkartearen eta ikastola askoren gogoa zen Finlandian eskola jazarpenari aurre egiteko 2009tik martxan duten KiVa programa ezagutzea, aztertzea eta bertako esperientziaren testigantzak jasotzea.

Nazioarteko errekonozimenduak izan dituen eta Erresuma Batura, Frantziara, Belgikara, Italiara, Suediara, Estatu Batzuetara... esportatu den proiektuak, ikastolen mugimenduan harrera oso ona izan du. Proiektua zabaltzeko ardura izango duen erakunde bat dagoen herrialdetan, Unibertsitatea eredua ezartzeko prest dago. Hori bai, programa itzultzeko, KiVa lizentzia garatzeko eta nazioarteko koordinatzailearen soldata ordaintzeko inbertsioa egingo beharko dute erakunde horren bazkideek.

Horrelako programek garrantzitsuak direla kontsideratzen dugu, zuzenagoa izango den eta berdintasunezko gizarte baterako.

Josu Reparaz Leiza
Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria


Itzuli

Gure ikastolak

Facebooken jarraitu

Twitterren jarraitu