JON ARRETXEren liburu berria
"Kriston pagotxa da nobela bat gertatzen den lekuan idaztea". Jon Arretxe
Jon Arretxek Tangerko ametsak bidai-nobela-beltza aurkeztu du gaur Iruñeko Liburu Azokan. Tangerren eta Bamakon imaginatu du idazleak bere azken istorio hau. Argitaletxea: Erein.
Tangerko ametsak (Erein argitaletxea, Uzta Gorria bilduma) nobela beltza da, baina genero honen ohiko ezaugarriak bidaiarekin konbinatzen ditu. Ohi duen bezala, Jon Arretxe idazleak toki kilikagarrietara eramango gaitu bere obrarekin, bai geografiari bai kulturari dagokionez. Lehenago Lisboara eraman gintuen Fatum-ekin (2008); eta gero Istanbul, Kurdistan eta Munichera Xahmaran-ekin (2009). Oraingo honetan Bamako eta Tangerren artean gauzatuko da trama, Afrika Beltzaren eta Europako kosta begi bistan daukan hiri marokoarraren artean. Eta hiri eder horretako kaleen galtzada-harri gogorraren kontra tupust egingo dute hainbat lagunen ametsek.