TXINTXIRRI IKASTOLA - IRAKURKETAREN ESPERIENTZIAK
Elorrioko Txintxirri Ikastolan, ikasturtean zehar, hainbat jarduera eramaten dituzte aurrera irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko. Hona hemen horietako batzuen aipamenak:
- LIBURU SEKRETUA
Jarduera honetan astebururo idazle eta ilustratzaile "txiki(handiek)" orri zuriak kolorez eta istorio harrigarriz betetzen zituzten. Orri horiekin guztiekin beraiek egindako liburu oso erakargarria sortu zuten. Horretaz gain, etxearen eta ikastolaren arteko harremana sendotzeaz gain alegia, liburuekiko harreman positiboa ere bultzatzen da. - IRAKURKETAREN ALDEKO GOIBURUAK EDO ESLOGANAK
"Sar zaitez irakurketaren mundu miresgarrian"
Ikastolan egindako lelo lehiaketa irabazi zuen lelo hori abiapuntu izanik, literaturan murgilduta buru-belarri ibili gara. - IRAKURLAGUN
Irakurtzea atsegina da, baina are atseginagoa gogoz eta arretaz entzuten duen norbait izanez gero. Honela ba sortu zen IRAKURLAGUN PROIEKTUA Txintxirri Ikastolan. Ikasleak binaka edo hirunaka jartzen dira ipuinak kontatu eta entzuteko. LH 4. mailako neska-mutilek ipuinak kontatzen dizkiete eta LH 1. mailakoei. Era berean, LH 6. mailakoak LH 3. mailakoekin eta LH 5. mailakoak LH 2. milakoekin. Esperientzia bikain hau Elorrioko plazan egin dugu, egun honi, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunari, zentzu zabalagoa eman nahian. Ikastolako txikienak ere gerturatu dira plazara eta plazatik mundu miresgarrietara bidaiatu dute ipuin kontalariekin batera. - BOOKCROSSING
Ikasleak oso pozik egon ziren ekintza honetan. Beraien parte hartzea bikaina izan zen. Plazan gure leloarekin egindako pankarta jarri genuen, gure leloa herri osoari zabalduz. Herritik zehar 4 liburu utzi genituen ondorengo mezuarekin: bookcrossing. Bidaiatu dezagun elkarrekin, zuk nire orrietatik barrena eta nik zurekin batera. Bidaia bukatzean utz nazazu Elorrioko txoko goxo eta polit batean, beste gazte batekin bidaiatzen jarraitu nahi dut eta. Zaindu nazazu zurekin nagoen bitartean, berotasuna eman. Goazen elkarrekin gozatzera! Oraingoz, badakigu liburuetako bat gure ikasle batzuen eskuetatik dabilela. Espero dugu bidaia luzea egin dezatela gure liburuek! - LABURPEN TENTAGARRIAK
Laburpen tentagarriak egin dituzte, beraien esperientzietatik besteak liburuetara gerturatzeko asmoz. - IKASLE BAT, LIBURU BAT
Hiruhilabeteko, ikasle bakoitzak bi liburu ekartzen ditu etxetik. Txantiloi bat erabiltzen dugu liburuen joan etorriak kontrolatzeko. Etxetik ekarritako liburuekin sortutako liburutegi txikiek itzelezko arrakasta izan dute ikasleen artean.
IKUS ARGAZKIAK
Jarduera hauetaz gain, Liburu ibiltariak, LH-n, liburutegira irteerak... hainbat dira ikasturtean zehar egin ditugun ekintzak.
Txintxirri Ikastola - Nekane Guridi
Eskerrik asko Elorrioko Txintxirri Ikastolari esperientzia hauek guztiak gurekin partekatzeagatik eta Zorionak egindako lan itzelarengatik!!!